lunes, 23 de noviembre de 2009

Goi mendizaletasunaren kontra

Irakurritako testuan, idazleak subjektiboki azaltzen digu goi mendizaletasunaren kontrako bere ikuspuntu eta iritzia. Testuaren intentzioa iritzia ematea, kritikatzea eta irakurlea persuaditzea edo konbentzitzea da, irakurleengan eragitea, beraz kazetaritza artikulu bat dela esan dezakegu, “Euskaldunon Egunkarian” publikatu baitzen.
Testuaren autoreak bere iritzia emateko argudioaz baliatzen da.
Erabilitako erregistroa, maila jasokoa da, baina hala ere ez du zailtasun handirik, egunkari batean publikatu denez, edonork ulertzeko modukoa izan behar duelako.
Testuaren funtziorik garrantzitsuena deitzailea edo eragilea dela argi dago, idazlearen helburu nagusia irakurleengan, mendizaleengan konkretuki eragitea baita. Honetaz gain funtzio aipatzailea ere agertzen da “Pello Lizarralde idazleak esan zuen bezala...” eta baita funtzio hunkitzailea, non idazleak bere barne egoerari eta sentimenduen agerpenak egiten dituen, “orain pozik gauden arren.., gaizto jarrita esango dut..”.
Testua kokatzean idazlea Xabier Mendiguren Elizegi dela ikus dezakegu, Beasaingo euskal idazlea, gehien bat haur eta gazteei zuzendutako nobelak idazten dituena.
Testua “Euskaldunon Egunkarian” agertu zenez, duela urte batzuetakoa dela pentsa dezakegu. Urteak igaro baitira “Egunkaria” itxi zutenetik.
Gaia izenburuan bertan aurkitzen dugu, goi mendizaletasunaren kontra, denbora guztian mantentzen du bere iritzia eta irakurleak konbentzitzeko argudio mota ezberdinak erabiltzen ditu. Egitura zirkularreko moldea erabiltzen duela esan dezakegu, hasieran ideia nagusia azaltzen duelako “mendizaletasunaren kontra hitz egin behar dut, goi mendizaletasunaren kontra zehazkiago esanda”, eta bukaera ere antzerakoa da “ozenki errepikatzen dut, goi mendizaletasunaren kontra nagoela”. Testuaren lehenengo ideia nagusitik bere errepikapenera, autoreak bera oinarritzen den argudioak azaltzen dizkigu, irakurleak konbentzitu nahian.
Hizkuntza aldetik testuan mendiekin zerikusi duten eremu-semantikako hitzak agertzen dira “tontor, alpinismo, Aconcagua..”.Eta testuaren erritmoa nahiko motela da, zenbait galdera erretoriko era harridura esaldiekin josia.
Testuak koherentzia zehatz bat dauka, modu logiko eta argi batean ordenatuta dago idazkia. Kohesio aldetik, erabilitako lokailuak ez dira oso aberatsak, idazkeran baino, ahozko hizkuntzan oinarrituta daude, “exageratzen ari naizela esango dit baten batek.., Probokatzen ari naiz, badakit..”.
Igorlea hartzailearekiko gertu sentitu nahi da, benetan pentsatzen duena dela argi dagoela adierazten du, bere sentimendua gaiari buruz agerian utziz.
Testua duela urte batzuetakoa den arren, ez du gaurkotasunik galdu, ez dut uste egoera aldatu denik.
Xabier Mendigurenek gaia aukeratzean, bazekien bere aurkako iritziak ugariak izango zirela baina ala ere, bere argudioak trinkoak dira eta bere iritzi-testuaren egitura egokia da irakurleengan eragina izan eta hauek konbentzitzeko.

No hay comentarios: