martes, 24 de noviembre de 2009

Autoen erabilpenaren kontrola

Hasteko esan beharra dago, gaur egun autoa hirietan ezinbestekoa bilakatu dela. Honi esker denbora gutxian nahi dugun tokian ager gaitezke, edozein autobus geltokitan itxaron behar izan gabe eta gure helmugatik gertuen dagoen aparkalekuan utz dezakegu autoa.
Gainera, gure ibilgailuan lasai joan gaitezke beste ezezagunekin konpartitu gabe eta bakoitzak bere gustuko musika jar dezake. Jendeak autoa lanera, joateko, erosketaren bat egiteko, bidaiatzeko edo lagunekin elkartzeko erabiltzen du, baina badira ere alferrean bueltaka ibiltzen direnak beren auto distiratsuak jendaurrean paseatzen.
Hirietako trafiko gehiena autoek osatzen dute, hain praktikoak direnez gero eta gehiago erosten baitira.
Horrela ikusita abantailaz beterik daudela ematen du, baina baditu bere alde txarrak ere. Alde batetik auto gehiegi daude eta gehiago erosten dira, ondorioz gure hiriko errepide eta kaleak auto-ilaraz beterik egoten dira, zebrabide gainean gelditu eta oinezkoei aurre egitea galarazten diete. Gainera, dena konpondu nahian bozinaka hasten dira gidariak. Hau guztia dela eta, kaleak zarataz betetzen dira.
Bestetik, gure hiriko espaloiak berez, ez dira oso zabalak eta askotan autoak gaizki aparkatuta egoten dira. Oinezkook gero eta arazo gehiago ditugu, orain oso zaila da kaleetatik lasai ibiltzea, bai toki falta eta bai trafikoak sortzen duen zarataren ondorioz.
Hau gutxi balitz, gure hiriko kutsadurak gora egiten du, gero eta auto eta garraio gehiago baitaude. Argi dago, egoera hau ezin daitekeela jasan.
Orokorrean, denok bat egiten dugu egoera aldatu behar izanean, askok, arazoa aparkalekuen faltan dagoela diote, eta gehiago eraikitzen badira gatazka guzti hauek konpondu egingo liratekeela uste dute. Baina ziur nago hori ez dela arazo bakarra, autoak gutxiago erabili behar ditugu, eta adibidez, lanera bagoaz beste lankide batzuk eramaten saiatu edo edonora bagoaz ere autoa konpartitu, alperrik ez erabili, eta aukera izanik, garraio publikoaz bidaiatu. Horrela trafikoa murriztuko genuke, eta apurka-apurka arazoak gutxitzen joango dira, guztiz desagertzea, denok dakigun moduan ezinezkoa baita.

No hay comentarios: