martes, 24 de noviembre de 2009

Telebistaren botere sekretuak

Hasteko esan beharra daukat ez nagoela telebistaren aurka, bertan ematen dituzten zenbait programen aurka baizik. Telebista jende askok egunero ikusten duen aparatua da, eta esan beharra dago badituela bere alde interesgarriak ere. Ala ere, kasu gehienetan denbora galtzea izaten da kutxa honen aurrean lelotua geratzea.
Gero eta programa gehiago dira famatuen axolagabekerietaz hitz egiten dutenak, eta askotan ez dute hitz egiten ere, denak batera oihuka hasten baitira. Denok dakigu programa hauek jendeak ikusten dituelako jarraitzen dutela, baina ala ere kostatu egiten da hau sinistea. Kostatu egiten da sinistea nola pasa daitezkeen egunero orduak telebistaren aurrean inolako informaziorik ematen ez duen telesaio bat ikusten, dirudienez jendea ez da konturatzen, edo balitek
e konturatu nahi ez izatea. Ikusleek telebistara begiratuz orduak ematen dituzte, denboraren nozioa galdu eta zereginak ahaztu egiten dituzte, askorentzat deskantsu moduko bat izaten da, neurria hartuko bagenu ez legoke guztiz txarto egongo, baina ez da horrela izaten.
Beste alde batetik, onartu behar da telebistak badituela bere saio interesgarriak; albisteak, dokumentalak, kirol ezberdinak... Hauek ekarpen bat ematen digute, informazioa dakarte, eta gainera ez dute adiziorik sortzen. Zeren eta antza denez txutxu-mutxuen programa bat ikusten duzunean egunero ikustera behartuta bazeunde bezala geratzen zara. Zoritxarrez, hauek dira arrakasta, eta hortaz ikusle gehien dituzten programak, pena da, honen ondorioz intereseko programak beste telesaioengatik ordezkatu egiten dituztelako.
Orokorrean, ez dago arazo honentzako konponbiderik. Gu gara aldatu beharrekoak eta ez telesaioak, telebista gure gustuen arabera aldatuz doa.
Beraz, guzti honetaz espero dezakegun gauza bakarra hau da, ea ikusleok konturatzen diren beren denbora galtzeaz eta telesail hauek murrizten diren.

Autoen erabilpenaren kontrola

Hasteko esan beharra dago, gaur egun autoa hirietan ezinbestekoa bilakatu dela. Honi esker denbora gutxian nahi dugun tokian ager gaitezke, edozein autobus geltokitan itxaron behar izan gabe eta gure helmugatik gertuen dagoen aparkalekuan utz dezakegu autoa.
Gainera, gure ibilgailuan lasai joan gaitezke beste ezezagunekin konpartitu gabe eta bakoitzak bere gustuko musika jar dezake. Jendeak autoa lanera, joateko, erosketaren bat egiteko, bidaiatzeko edo lagunekin elkartzeko erabiltzen du, baina badira ere alferrean bueltaka ibiltzen direnak beren auto distiratsuak jendaurrean paseatzen.
Hirietako trafiko gehiena autoek osatzen dute, hain praktikoak direnez gero eta gehiago erosten baitira.
Horrela ikusita abantailaz beterik daudela ematen du, baina baditu bere alde txarrak ere. Alde batetik auto gehiegi daude eta gehiago erosten dira, ondorioz gure hiriko errepide eta kaleak auto-ilaraz beterik egoten dira, zebrabide gainean gelditu eta oinezkoei aurre egitea galarazten diete. Gainera, dena konpondu nahian bozinaka hasten dira gidariak. Hau guztia dela eta, kaleak zarataz betetzen dira.
Bestetik, gure hiriko espaloiak berez, ez dira oso zabalak eta askotan autoak gaizki aparkatuta egoten dira. Oinezkook gero eta arazo gehiago ditugu, orain oso zaila da kaleetatik lasai ibiltzea, bai toki falta eta bai trafikoak sortzen duen zarataren ondorioz.
Hau gutxi balitz, gure hiriko kutsadurak gora egiten du, gero eta auto eta garraio gehiago baitaude. Argi dago, egoera hau ezin daitekeela jasan.
Orokorrean, denok bat egiten dugu egoera aldatu behar izanean, askok, arazoa aparkalekuen faltan dagoela diote, eta gehiago eraikitzen badira gatazka guzti hauek konpondu egingo liratekeela uste dute. Baina ziur nago hori ez dela arazo bakarra, autoak gutxiago erabili behar ditugu, eta adibidez, lanera bagoaz beste lankide batzuk eramaten saiatu edo edonora bagoaz ere autoa konpartitu, alperrik ez erabili, eta aukera izanik, garraio publikoaz bidaiatu. Horrela trafikoa murriztuko genuke, eta apurka-apurka arazoak gutxitzen joango dira, guztiz desagertzea, denok dakigun moduan ezinezkoa baita.

lunes, 23 de noviembre de 2009

Goi mendizaletasunaren kontra

Irakurritako testuan, idazleak subjektiboki azaltzen digu goi mendizaletasunaren kontrako bere ikuspuntu eta iritzia. Testuaren intentzioa iritzia ematea, kritikatzea eta irakurlea persuaditzea edo konbentzitzea da, irakurleengan eragitea, beraz kazetaritza artikulu bat dela esan dezakegu, “Euskaldunon Egunkarian” publikatu baitzen.
Testuaren autoreak bere iritzia emateko argudioaz baliatzen da.
Erabilitako erregistroa, maila jasokoa da, baina hala ere ez du zailtasun handirik, egunkari batean publikatu denez, edonork ulertzeko modukoa izan behar duelako.
Testuaren funtziorik garrantzitsuena deitzailea edo eragilea dela argi dago, idazlearen helburu nagusia irakurleengan, mendizaleengan konkretuki eragitea baita. Honetaz gain funtzio aipatzailea ere agertzen da “Pello Lizarralde idazleak esan zuen bezala...” eta baita funtzio hunkitzailea, non idazleak bere barne egoerari eta sentimenduen agerpenak egiten dituen, “orain pozik gauden arren.., gaizto jarrita esango dut..”.
Testua kokatzean idazlea Xabier Mendiguren Elizegi dela ikus dezakegu, Beasaingo euskal idazlea, gehien bat haur eta gazteei zuzendutako nobelak idazten dituena.
Testua “Euskaldunon Egunkarian” agertu zenez, duela urte batzuetakoa dela pentsa dezakegu. Urteak igaro baitira “Egunkaria” itxi zutenetik.
Gaia izenburuan bertan aurkitzen dugu, goi mendizaletasunaren kontra, denbora guztian mantentzen du bere iritzia eta irakurleak konbentzitzeko argudio mota ezberdinak erabiltzen ditu. Egitura zirkularreko moldea erabiltzen duela esan dezakegu, hasieran ideia nagusia azaltzen duelako “mendizaletasunaren kontra hitz egin behar dut, goi mendizaletasunaren kontra zehazkiago esanda”, eta bukaera ere antzerakoa da “ozenki errepikatzen dut, goi mendizaletasunaren kontra nagoela”. Testuaren lehenengo ideia nagusitik bere errepikapenera, autoreak bera oinarritzen den argudioak azaltzen dizkigu, irakurleak konbentzitu nahian.
Hizkuntza aldetik testuan mendiekin zerikusi duten eremu-semantikako hitzak agertzen dira “tontor, alpinismo, Aconcagua..”.Eta testuaren erritmoa nahiko motela da, zenbait galdera erretoriko era harridura esaldiekin josia.
Testuak koherentzia zehatz bat dauka, modu logiko eta argi batean ordenatuta dago idazkia. Kohesio aldetik, erabilitako lokailuak ez dira oso aberatsak, idazkeran baino, ahozko hizkuntzan oinarrituta daude, “exageratzen ari naizela esango dit baten batek.., Probokatzen ari naiz, badakit..”.
Igorlea hartzailearekiko gertu sentitu nahi da, benetan pentsatzen duena dela argi dagoela adierazten du, bere sentimendua gaiari buruz agerian utziz.
Testua duela urte batzuetakoa den arren, ez du gaurkotasunik galdu, ez dut uste egoera aldatu denik.
Xabier Mendigurenek gaia aukeratzean, bazekien bere aurkako iritziak ugariak izango zirela baina ala ere, bere argudioak trinkoak dira eta bere iritzi-testuaren egitura egokia da irakurleengan eragina izan eta hauek konbentzitzeko.