sábado, 15 de mayo de 2010

Friedrich Grossmann

Friedrich Grossmann zientzialari gazte Alemaniarra da, abizenak dioen bezala: gizon handia. Altueraz metro eta laurogeita hamar zentimetro inguru ditu, eta sabelean zehar behar beste baino zenbait kilo gehiago dauzka.
Txikitatik nabarmendua eta aurreratua izan da ikasketetan, ez zuen lagun handirik eta etxean ematen zituen orduak. Gurasoek ez zioten inoiz garrantzi handirik eman bere haurtzaro eta nerabezaroari baina pozik bizi izan dira bere semea hain jakintsua dela jakinik.
Grossmann gazteak hogeita bi urterekin unibertsitatea amaitzea lortu du. Denbora librean zenbait tresna asmatzen ditu: elikagaiak zunda elektrikoen bidez bidaltzeko aparatua, oheak egiteko prestatuta dagoen makina eta arropa koloreka antolatzen duen armairua adibidez. Hauen salmentaren bidez nahiko diru lortu izan du eta honekin etxetxo bat erosi zuen hiritik urrun, orain dela pare bat urte. Landa etxea erosi aurretik Municheko Oberaer auzunean bizi zen apartamentu txiki batean, hamabost urterekin utzi zituen gurasoak eta hauek ez ziren inoiz larritu, beraien umetxoa bakarrik bizi zitekeen eta beraiek harro zeuden, lasai. Diru laguntzaren bat ere bidaltzen zioten noizbehinka eta gabon eguna eta beste zenbait ospakizunetan elkartu izan ziren azken urteetan. Ez daukate eta ez dute izan inoiz guraso-seme arteko erlazio normala, hala ere ondo doakie biei.
Grossmanek erositako etxea Alemaniako eremu lasai batean dagi, gari landarez inguraturik eta hortxe ematen ditu orduak eta orduak formulak paretetako arbeletan idatziz eta bere ikerkuntzak eta ideiak aurrera eramanez edo alde batera utziz.
Azken egunetan burua proiektu handi batean dauka. Elektroien biraketa eta hauen eztanda dabil lantzen, denbora aldaketak sortzeko boterea eskuratu nahian dago.
Momentuz garbigailuaren garbiketa denbora bost minutura laburtzea lortu du eta baita bere etxe inguruko loreak arinago haztea. Hala ere ezin ditu froga handiegiak egin, gizakiak konturatu egin daitezkeelako eta gainera ez ditu bere ikerkuntzen ondorioak guztiz frogatu eta alde ugari ikertu behar ditu oraindik bere asmakizuna guztiz baliagarria izateko. Bere zalantzak argitzeko AEBetara alde egitea erabaki du denboraldi baterako, bertako zientzia akademi baten behar dituen frogak egiteko asmoz.

Dokumentu guztiak eta beharrezko dituen formula luze-luzeen kopiak egin ditu maletan sartzeko, bere etxetxoa utzi eta Berlinetik irteten den lehen hegazkina hartu du AEBetarako bidean. Aireportuak ez ditu gustuko Friedrich gazteak, jende gehiegi izaten da, guztiak maleta ikaragarriekin, kolore guztietakoak, tamaina guztietakoak. Hegazkinaren zain dagoela berea bezalakoak diren bederatzi maleta zenbatu ditu. Asko iruditu zaizkio. Ondoren, aldi berea ilegorriak, bibotedunak eta aurpegia bekaz beterik dituzten gizonezkoak zenbatu ditu, bi guztira, lasai geratu da orduan, ez dago hainbeste jende ere, bere maleta arruntegia izango da agian...
Aireportuan denek begiratzen dutela uste du, ezin da lasai sentitu eta horregatik hasten da zenbatzen lehenengo bururatzen zaiona. Hegazkinean musulman batzuk izan ditu atzean eta ezin izan du lorik egin, hauek orduak eman dituzte arabiarrez eztabaidatzen, Grossmann gizajoa nazkatuta heldu da Washingtonera.
Monako hotelean egin du erreserba, 700 F Street NWan, toki lasaia da, ez dabil inor inguruetatik eta horrelako tokiak ditu gustuko gazteak. Gainera Washingtoneko zientzia akademi nazionala, NAS (National academy of sciences), dauka pare bat kale aurrerago 500 E Street NWean.

Akademiako zuzendari gorenarekin hitz egin du eta honek behar duen materiala eskaini dio Friedrichi, proiektu berriarekin nahi beste froga egiteko.
Grossmann gaztea Saint Ex kafean geratu da bere nagusi berriarekin, Mr. Heathcliff, zientzia akademiako zuzendari eta zientzialari amorratua. Hizketaldi alaia eta luzea izan da, biek hitz egin dute dauzkaten ideietaz, Heathcliff maisua gaztearen proiektua ikusteko irrikitan dago eta badira hilabeteak bere zain dagoela.
Zientzialari gazteak berriro egin du topo musulmanen talde batekin edandako garagardoak ordaintzera joan denean. Hegazkineko berberak ziruditen eta harritu egin da izandako kasualitateaz, pare bat segundo igaro direnean “Jet lag” deitzen duten horren ondorio izan dela pentsatu du eta ez larritzeko esan dio bere buruari, garrantzia kenduz, bidaiaren ordu aldaketak nahasi egin baitio burua, musulmanak toki guztietan daude.
Grossmann eta zuzendaria elkar agurtu dute. Hurrengo egunean geratu dira akademian bertan frogekin hasteko. Arratsaldeko zazpiak dira jada eta zientzialari gaztea nekatuta dago, hala ere bueltatxo bat ematen du hiria apur bat ezagutu nahian, aztoratuta dabil Grossmann, bere atzetik segika norbait dabilela uste du. Ez da lehen aldia, Munichen eskizofrenikoa zela uste zuten askok eta beste batzuk zoratuta zegoela, ez zuela burua sano.
Hotelera heldu da azkenean, maleta desegin du eta alkandorak eta prakak ordenatu ditu koloreka, bere armairu antolatzailea faltan bota du, martxan jartzea besterik ez du behar bere asmakizun miragarri horrek eta segundo baten dena aurkitzen duzu nahi bezala. Gelako ohea berriro egin du Friedrichek, ez zaizkio hoteleko maindireak gustatzen, ez dira batere leunak eta zuriak izan beharrean kolore horixka hartu dute, beraz badaezpada Alemaniatik ekarritako maindireekin egin du ohea. Horrela egin ezean gau osoan ezingo zuen lorik hartu.
Dena prestatutakoan afaltzera jaitsi da gaztea, sei pisu behera egin behar ditu jantokira heltzeko baina eskailerak hautatu ditu igogailua baino. Eskaileretan leiho handiak daude, bertatik Washington hiriaren gaueko koloreak ikusi ditu eta nazioarteko zientzi akademiaren dorre altuena ere ikusi du bi kale aurrerago, oraindik argia dago akademiko leiho batzuetan, Mr Heathcliff dorreko leihoan imajinatu du, bera dagoen hoteleko leihora begira. Urteak dira hirian gauez egon zenetik. Ahaztuak zituen gauaren koloreak. Eskailerak behera jarraitu du.
Jantokira sartu baino lehen hoteleko txarteltxoa eskatu diote. Aurrera egin du arazorik gabe eta janaria aukeratu ondoren mahai txiki baten eseri da. Jende gehiago sumatu du.
Hoteltxoa ez da pentsatzen zuen bezain lasaia. Enpresari ugari bere gorbata eta trajeekin jantziak eta baita familiaren bat umetxo txikiekin ikusi ditu mahaietan. Grossmann leihotik begira egon da afaldu bitartean, hoteletik oso bista onak daudela iruditu zaio.
Leihotik begirada kendu eta ardo zuri pixka bat bota du bere kopara. “Musulmanak berriro!” esan du bere barnerako, alboko mahaian daude berari begira. Urduri dago Grossmann gaztea, heldu denetik ez du bakerik izan bere buruan. Arrapalada batean bukatu du afaria, lo egitea komeni zaiola pentsatu du, igogailua hartu du oraingoan eta gelara sartu da atzera begiratu gabe, musulmanekin topo egiteko beldurrez.
Ohean sartu da Friedrich Grossmann, bere maindire leunetan murgilduta, kafetegian Heathcliffek utzitako makromolekulen buruzko liburua hasi da irakurtzen eta lo geratu da berehala.
Hurrengo eguna. Grossmann gaztea goizeko seietan esnatu da, ohea egin eta bizarra moztu du kontu handiz. Dotore-dotore jantzi eta eskailerak behera joan da jantokirantz, leihoetatik ikusi duen paisaia guztiz desberdina iruditu zaio gauekoarekin, eguraldi ona dago kanpoan, gaueko argiak desagertu egin dira eta egunkaria banatzen duen mutikoa bakarrik dabil Washingtoneko kaleetatik. Errepidetik doazen autoak distira egiten dute eguzkipean.
Ez du hotelean gosaldu, musulmanekin topo egitea saihestu nahian, 600 E Street NWeko kafetegi txiki baten sartu da. Kafea hartu du opiltxo batzuekin eta bidean erositako egunkariari eman dio begiratu bat: Peruko lurrikarak 30 hildako utzi ditu,
AEBetako presidentearen argazki handi bat eta izandako biltzarraren laburpena, polizia Siriako kartzela batetik ihesi egin duten presoen atzetik eta futbol amerikarraren azken partiduetako laburpenak eta emaitzak ikusi ditu. Egunkaria mahaian utzi du eta alde egin du hurrengo kalerako bidean, zientzia akademiarantz. 700 E Street NWean aparkatuta dauden autoa begiratuz joan da, luxuzkoak gehienak, jende dirudunen auzoa izan behar zen hura. Jaguar dotore bat da hurrengoa, Friedrichek miretsi egin du haren edertasuna eta leiho ilunen artean hegazkinean, Saint Ex kafean eta hotelaren jantokian aurkitu zituen arabiar horiek ikusi ditu berari begira. Gaztea izutu egin da eta aurpegia elurra bezain zuri jarri zaio. Korrika batean sartu da NASen.
Zortzietan Grossmann gaztea nagusiaren ate aurrean dago, bere aurpegia oraindik ez da bueltatu normaltasunera, zuri-zuri dago. Atea jo eta zuzendariaren gelara sartu da. Heathcliff jaunak egunaren plangintzaz hitz egin dio, zein gela erabili ahal dituen, ze giltza behar duen bakoitzarentzako, ze tresna dituen bere esku eta horrelakoak, baina guztia bere jakipean egin behar zuen eta posible zuen guztietan zuzendaria Grossmanekin lanean egongo zen. Zientzialari gazteari ez zaio asko gustatu entzundakoa, NASeko pasilloetatik bere kontura ibiliko zela uste zuen, zuzendariak Alemanian zegoela telefonoz esan zion bezala. Hala ere onartu egiten du, zerbaitetarako etorri da eta.
Eskua eman diote ekarri, lana hasteko prest daude biak, baina Heathcliff jauna gaztearen aurpegi makalaz jabetu da, ea gaixorik dagoen galdetu dio. Grossmanek ez daki zer erantzun eta isilune txiki bat sortu da, azkenean buruan dituen kontuak azaldu dizkio. Bere urduritasuna sortzen zuen musulmanen histori guztiaz hitz egin dio eta izandako topaketa guztiak banan-banan, gainera zientzialari gaixoak Siriako kartzelatik alde egin zuten presoak eta bere atzetik zebiltzanen artean erlazio bat dagoela uste duela esan dio zuzendariari. Honek ia guztiek bezala zorotzat hartu du Grossmann gizajoa. Ezin du sinistu horrelako pertsonaia batek hain proiektu seriotan lan egitea. Heathcliffek bere aukera zelakoan zera esan dio gazteari bere burutapen zoroei jarraitu nahian. “ Ziur Siriatik alde egin duten arabiar preso horiek terrorista talde batetako kide direla eta zure proiektuaren atzetik dabiltzala beraien armen boterea handitzeko, pentsa ezazu, denboraren kontrolaren bidez metraileten balen abiadura kontrolatzea lortuko da eta baita granaden eztandaren denbora, oso baliotsua izan daiteke”. Grossman mutu geratu da, gero eta zuriago, beldurra nabaritzen zitzaion begietan eta eskuen dardaran. “Har itzazu opor batzuk eta utz iezadazu zure proiektuaren kopia bat, nik egingo ditut behar beste froga eta bueltatzen zarenerako informea prest izango dut zuretzako, seguru musulman horiek zure atzetik bakarrik dabiltzala, beraz ez dago arazorik, zer iruditzen?” jarraitu du zuzendariak aurpegian sartzen ez zitzaion irribarre batekin.
Zientzialari gazteak airea hartu eta lasai pentsatu behar duela esan dio Mr Heathcliffi. NASeko lorategietatik ibili da bueltaka. Grossmanek ideia gehiegi ditu buruan, ideia antolatzaile bat asmatzeko beharra duela pentsatu du. Guztiak dabiltza bere proiektuaren atzetik, beldurra die musulmanei beraren lana lapurtu eta zeregin gaiztoetarako erabili nahi dutelako zuzendariak esan dion bezala, baina beste alde batetik zuzendaria bera dago, hau ere guztiz interesatua ikusten du bere dokumentuaren atzetik. Zientzialari gazteak gorroto du bere egoera, beraz Mr Heathcliffen gelara sartu eta Alemaniara bueltatuko dela esan dio. Zuzendariak zoratuta dagoela esan dio, eta kopia bat utzi behar diola esan du jarraian. Grossmannek pikutara bidali du, atea itxi eta ahal bezain pronto Alemaniara bueltatu da. Hor bai bakea, bere landa etxetxoan jarraitu du bere ikerkuntzekin , material gutxirekin baina beti aurrera eta gauza berriak eginez.
Friedrich Grossmannek bere landa etxean eman zituen urteak hil arte. Ez da inoiz entziklopedia batean agertuko ezta telebistako dokumental batean, baina hori ere ez zen inoiz bere helburua izan, gustura lan egitea gustatzen zitzaion inoren beharrik gabe. Bere asmakizun asko bere etxeko pareten artean daude oraindik, norbaitek aurkitu ditzan itxaroten.