lunes, 14 de diciembre de 2009

Amildegian behera


Erle batek ziztatu izan balio, jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu ote zitzaion, ba, hari bat-batean?

Behin eta berriro ikusten nuen nire lagunaren aurpegia odol artetik altxatzen, ezer gertatu izan ez balitz bezala, ondo zegoela esaten zidan, ezinezkoa zen baina nik sinistu egiten nion, begi bat ubeldua zuen eta gorputza autoan atrapaturik geratu zitzaion, mugitu ezinik zegoen, ilean zituen kristal zatitxoak dirdira egiten zuten, aurpegia zauritua zuen, baina hala ere irribarre egiten zidan.
Gaur ere ametsetan nago, Txomin ez baitzen inoiz jaiki eta ez zidan irribarrerik egin. Erle ziztada bat bezain azkar gertatu zen dena, eta ziztatutako pozoia hilgarria izan zen.

Duela bi aste gertatu zen dena, Txominek gidabaimena atera berri zuen eta ospatzeko asmoz deitu egin zidan, bueltatxo bat ematera gonbidatuz. Gazteak gara eta festa gogoa genuen, tragoren bat hartu eta neska panpoxen bat ezagutu, ezer berririk ez, betikoa.

Nire gela txukundu nuen, amak lixatu berritako arropak jantzi, kolonia pixka bat bota eta diru zorroa poltsikoan sartu nuen, baita etxeko giltzak ere. Amari berandu heltzen banintzen ez arduratzeko esan eta eskuaz agurtu ondoren ziztu bizian irten nintzen etxetik. Ordurako, Txomin espaloi aurrean zegoen zigarrotxoa erretzen zuen bitartean Bob Dylan-en abesti bat txistuka; kolore berdeko BMW distiratsu berrian zetorren, poz-pozik. Autoan sartu eta musika altuago jarri zuen, kolonia merkearen kiratsa generaman gainean. Burrunbada handia eginez autoa martxan jarri zuen eta autobiderantz abiatu ginen. Bat-batean, autobidetik gindoazela, inork abisatu gabe amildegitik bera joan ginen abiadura bizian.

Txominek autoaren kontrola galdu zuela diote, autoa errepidetik atera eta hesiak apurtuz amildegitik behera jausi zela, Txomin zoritxarrez, autoan berehala hil zen, buruan kolpe txarren bat jasan omen zuen eta. Odol jarioa galanta izan zuela diote eta ezinezkoa zela horrelako kolpe batetatik bizirik irtetea. Hau guzti hau poliziak esandakoa da, nik ospitaleko bisitengandik enteratu naiz.

Egia esan, nik ez dut gauza handirik gogoratzen. Lagunarekin hizketan nindoan, ia oihuka, musika altua zela eta. Hemendik gogoratzen dudan hurrengoa anbulantzien sirenak dira, tarte beltz ezezagun bat dago bi gertaera hauen artean, informazioa falta dut, hutsune bat daukat denbora tarte horretan.

Egunero esnatzen naiz amets berberarekin, eta orduak ematen ditut gertatukoaren inguruan pentsatzen. Zergatik Txomin? Zergatik libratu behar izan nintzen ni? Zergatik ez bera? Zortea izan nuen? Hobea izango zen biok bertan geratu bagina? Zer egingo zuen Txominek nire kasuan? Galderak ugari, baina guztiak erantzunik gabekoak. Garunean bueltaka ditut galdera guztiak.
Neure buruari galderak egiteaz aparte, ospitalean jasotzen ditudan bisitak diotena ere entzuten dut. Lehenengo astean familiako guztiak etorri ziren, baita osaba Antton ere, Andaluzian bizi dena eta urteetan ikusi ez dudana. Familiakoek nire bihotza taupadaka jarraitzen zuela konprobatu nahi izan zuten, zaila da sinistea istripu larri hartatik bizirik irtetea posible dela. Lagunak ere nahikotxo etortzen dira, nahiko hunkiturik daude gertatutakoa eta gero, ez da harritzekoa. Nik diotena entzun eta aztertzen dut, beraiek ez dakite eta ez dira konturatzen ni entzuten nagoela, horrela zerbait ateratzen dut nire galderak erantzuteko eta hutsuneak betetzeko.

Ez dut adorerik nire egoeratik irteteko, ez ditut begiak ireki nahi, beldurra diot argiari, eta kanpoan dagoen guztiari, ez dut inorekin hitz egin nahi, ez dut nahi inor nitaz gupida dadin.

Denbora aurrera doa eta medikuek diotenez nabarmena da hoberantz noala, pultsazioak normaldu egin direla eta
orain arnasa arazo gabe har dezakedala, lehen ez bezala.
Laster begiak zabaldu behar ditudala esaten diote amari , kontsolatu nahian, laster hitzen bat esango dudala eta etxera joan ahal izango garela.
Ama koitadua sufritzen sumatzen dut, nire alboan beti.

Nire burura gero eta oroitzapen gehiago datoz, informazioa biltzen noa eta hutsuneak betetzen doaz. Orokorrean ez dut ezer berririk aurkitzen baina dena argi dago, Txomin eta biok amildegitik bera jauzi ginen, neuk zortea izan nuen, Txominek ez. Baina alderantziz gerta izan zitekeen.
Txominek ez luke nahiko ni ospitalean geratzea, hori argi daukat, Txomin nire laguna zen, niretzat hoberena nahiko zuen. Neuk berarentzat nahi izango nuen bezala.
Amak ere nahikotxo sufritu zuen, eta egunak joan ahala, konturatu nintzen ordua heldu zela munduari aurre egiteko, begiak zabaltzeko eta berriro apurka-apurka normaltasunera bueltatzeko.

Begiak zabaldu eta ospitaleko gortinetatik sartzen zen goizaldeko eguzkiko argia ikusi nuen, egutegia begiratu eta abenduaren 28a zela zihoen. Egun batzuk geratzen ziren urte berri bat hasteko.
Hasieran kostatu egin zitzaidan mundura bueltatzea, ama negarrez etorri zitzaidan gainera, eta biok egon ginen negar artean denbora luze, ahalik eta bisita gutxien izatea eskatu nion amari, eta hala egin zuen. Lagun eta familiakoei deitu eta nire egoeraren berri eman zien.

Orain etxera bueltatu naiz, gauzak aldatu egin dira, zaila da horrelako gauza baten ondoren normaltasunera bueltatzea, askoz ere mutil isilagoa naiz orain eta beldur handia diot errepideari, errespetua. Urte berria hasi dut, Txomin gabe, baina ahal dudan hoberen eramaten saiatzen naiz, gainera laguntza handia daukat, lagunak eta familia.
Denborarekin gauzak ahazten doaz eta nire ametsak desagertu egin dira zorionez.
Beti gogoratuko dut Txomin, eta arrasti hartan ziztatu zion erle maltzurra, errepidea, bere bizia eraman zuena.
Errepideak hil zuen, eta ni txiripaz salbatu nintzen.