domingo, 14 de diciembre de 2008

Dena nuen galdua


Orduan korrika hasi zen, tximista bezain arin. Ez nukeen harrapatuko nahi izan banu ere. Beraz ez nintzen saiatu ere egin, ez zuen merezi. Berriro ere lelo aurpegiaz geratu nintzen lagunak nire altxorrik preziatuenarekin nola ihes egiten zuen ikusiz. Nire onerako egiten zuen. Hiriko "yonkien" kalean nengoen, nire betiko txokoan. Bazterturik zegoen erdigunetik eta kanpotar, txiro, ijito eta ni bezalako jendea egoten zen bertan. Ez zen inoiz umerik ikusten.
Egunero ibiltzen nintzen handik xiringak lortu eta dena ahaztea lortzen nuen arte. Orduan lortzen nuen zoriona, edo nik zoriona deitzen nuen hori. Baina egun hartan ezinezkoa izan zen, beste batzuetan bezala Ander agertu zen. Ezer esan gabe hurbildu zitzaidan eta nire zorion-xiringak hartuta ihes egin zuen korrika. Ni burumakur etxera bueltatu nintzen. Amak zabaldu zidan, ezer esan gabe logelara joan eta lo seko geratu nintzen. Hurrengo eguna noiz heldu ote zen zain.
Amarekin bizi nintzen, aitak duela lau urte ama utzi eta emakume hegoamerikar batekin alde egin zuen Kalifornia aldera, eguzkiaren bila. Hasieran hilero hitz egiten genuen telefonoz baita gutunak bidali ere. Baina denboraz desagertzen joan ziren. Duela pare bat urte bidali nion azken gutuna, eta ez nuen erantzunik jaso. Ordutik aurrera ez dut gehiago jakin berataz. Ikasketak ere alde batera utzi nituen, konpainia txarrenekin elkartu nintzen eta hortik drogen munduan sartu nintzen. Ama gizajoak lanean lortzen zuen diru guztia gastatzen nuen, eta gure arteko harremana hoztuz joan zen. Eta berdin ere nire antzinako lagunekin, gero eta gutxiago ikusten nituen eta oso nekagarria nintzen. Ander zen nitaz ahaztu ez zen bakarra, baina nik ez nion eskertzen, alderantziz, niretzako bera zen kabroiena, bakean uzten ez zidalako, lagundu egin nahi zidan.
Egunak aurrera zihoazen eta ni gero eta txarrago nengoen, argal-argal eta azala xiringek uzten zidaten zuloez josita nuen. Baina berdin zitzaidan, zoriona lortzen nuen, nire moduan eta pare bat ordutarako soilik, baina zerbait zen eta momentuz bizitzeko nahikoa nuen.
Egun osoa kanpoan ematen nuen, eta askotan gauak ere, kale gorrian, eta ama jada ez zen nitaz arduratzen, eta ondo egiten zuen. Ni oso gaizki portatzen bainintzen berarekin, eta noski, beste guztiekin ere.
Behin etxera etorri zitzaidan Ander bisitan, amak pozik agurtu zion, ez zen denbora luzean etxera inor etorri. Nik aldiz, aurpegi txarrarekin begiratu nion. Haserre nengoen berarekin, sinestezina izan arren, horrela zen. Nirekin hitz egitera zetorren, baina nik ondo gogoratzen nituen berak egindako lapurretak, zoriona lapurtzen zidan. Eta berriro zetorren ni molestatzera, oraindik ez dut ulertzen nola zuen hainbeste pazientzia. Berriro pikutara bidali nuen. Oraingoan desintoxikazio zentru batera eraman nahi ninduen eta bere laguntza guztia eskaini zidan, horrela nire bizitzak berriro ere zentzua hartzeko asmoz. Nik pentsatu gabe txarto erantzun eta etxetik bultzadaka bota nuen ez berriro molestatzeko aginduz. Ama negarrez hasi zen eta ni berriz ere betikora bueltatu nintzen. Xiringa nire gorputz hezurtsu eta desitxuratuan sartzera eta dena ahaztera.
Hurrengo goizean ez nintzen etxean esnatu, ezta ere kalean. Arraroa egin zitzaidan. Pareta zuriz inguratutako gela batean nengoen, gortina batek banatzen ninduen beste ohe batetik eta usain berezia zegoen. Ospitalea zen. Zirudienez bart gauean pasatu egin nintzen dosiarekin eta hor nengoen, erdi hilik. Ez zen inor etorri bisitan, Ander azkenean nekatu egin zen eta ez zen harritzekoa.
Bakarrik sentitu nintzen, gogo gabe. Pentsatzeko denbora ugari izan nuen ospitalean geratzera behartu ninduten hiru egun luzeetan.
Ordura arte ez nintzen konturatu dena gaizki zebilela, ni alproja zikin bat nintzen, amak lanean lortzen zuen diru guztia nire osasuna kaltetzeko erabiltzen nuen, ez nuen ezer egokirik egiten. Ostatu batean bezala bizi nintzen etxean, baina ordaindu beharrean, alderantziz egiten nuen. Dena txarto irten zitzaidan. Eta bai, arrazoi zuen Anderrek, oraindik aldatu nezakeen, zentru batera joan eta iragana ahazteko esfortzua egin ahal nuen. Baina ez nuen gogorik, ezta borondaterik ere. Ez neukan bizitzeko gogorik, dena kakaztua nuen.
Beraz, molestatzeari uztea erabaki nuen bide errazenetik. Horrela denok egongo ginatekeen hobeto.
Ospitaletik irtendakoan amari zerbait idazteko beharra nuen, eskerrak eman behar nizkion nigatik egindako guztiagatik eta nigatik isilean sufritutako guztiagatik.
Anderri ere zerbait esan behar nion, bihotzetik eskertu nion arinago eman zizkidan laguntza guztiengatik eta nire alboan beti izateagatik. Sekulako pazientzia izan zuen. Azken agurra izan zen. Ez neukan mundu honetan zeregin gehiagorik. Nire bukaera zen.
Gau berean nire burua bota nuen.
Akabo, dena bukatu zen. Heroinak partida irabazi zidan.


Laida Pagaldai