viernes, 1 de mayo de 2009

Aldaketa genetikoei buruzko iritzia

Gaur egun genetikari buruzko ikerketak direla eta gure jakinduria asko handitu da, bai medikuntza munduan, hainbat gaixotasun sendatzeko edo tratamendua emateko adibidez. Manipulazio genetikoen bidez landare, animalia eta baita mikroorganismoen espezie berriak ere sortu ahal dira. Baina jarduera hauek kontrolatu ezean arriskua sor ditzakete.
Alde batetik berrikuntza genetikoei esker lehen sendaezinak ziren gaixotasunak sendatzea lortu dugu, ADNaren ikerketei esker. Honetaz gain gaur egun oso ezagunak dira elikagai transgenikoak, hauen kasuan aldaketa genetikoak eragiten dira landarean, hau da, geneak manipulatu, horrela adibidez, tomate gorri eta handiagoak lor ditzakegu.
Baina baditu alde txarrak ere, gizakien ADNa edo geneak “aukeratu”ahal direla konturatzean, osasunarekin zerikusirik ez duten aldaketak egiteko gogoa piztu da. Guztiek nahi dituzte bere seme-alabak perfektuak izatea, begi urdinak eta osasun ezin hobekoak, eta hori ez zait egokia iruditzen. Beste aldetik elikagai transgenikoak askotan itxura hobea dute, baina zaporea izugarri galtzen dute. Orokorrean, nire ustez, manipulazio genetiko hauek beharrezkoak bakarrik direnean egin beharko litezke, eta ez guk gustukoago dugulako. Ez dut uste jolasten ibiltzeko gaia denik eta zerbait egin baino lehenago pentsatu egin beharko luketela. Espero dut iragana gizaki perfektuz betea ez egotea.

domingo, 19 de abril de 2009

110. Streeteko geltokia-ri buruzko iritzia


Hasteko “110.streeteko geltokia” liburua ez zait guztiz liluragarria iruditu baina ez dago txarto faktore batzuk kontuan hartuz.
Alde batetik oso deskribapen errealak ditu Manhattaneko kaleei buruz eta hauek istorioan sarrarazten laguntzen digute, hau da errealagoa eta sinesgarriagoa egiten dute liburua, gainera ez dira oso konplexuak, erraz ulertzen da dena era berean duen lexiko ulerterraz eta argiarekin.
Beste aldetik idazleak sortzen dituen bi istorio paraleloen elkarketak bitxia egiten du liburua, horregatik esango nuke nik lortu duela bere arrakasta. Beste aldetik ez da oso istorio sakona, ekintzak gainetik azalduta daude eta ez da oso interesgarria, horretaz gain, ez zait bukaera gustatu. Azkenik idazkera eta lexiko modernoa duenez eta euskal idazleek atzerriari buruzko liburu gutxi idatzi dutenez, gomendagarria iruditzen zait. Beraz, euskal liburu bitxi bat dela esan dezakegu, Manhattanen kokatutako bi istorio paraleloen buruzkoa, erraz eta arin irakurtzeko modukoa eta edozeinek irakur dezake.

domingo, 15 de marzo de 2009


Nire kuttuna:
Azkenean ausartu naiz zerbait idaztera, zuk pikutara bidal edo inozotzat har nazazun beldurra dut, hala ere ezin naiz isilean denbora gehiago geratu, beraz ezkutuan izan ditudan zuganako sentimendu guztiak askatzea erabaki dut gutun honen bitartez.
Badakit ez dugula inoiz hitz askorik egin eta ez zaitudala gehiegi ezagutzen. Baina benetan, txoratuta naukate zure begiradek.

Zu ikustean irribarrea zabaltzen zait aurpegian eta hodei batean banengo bezala sentitzen dut gorputza, inoiz ez jausi nahi ez dudan hodei batean. Esnatzen naizenetik lokartu arte zaitut nire buruan biraka, beste ezertan pentsatu gabe. Gainera, azkenaldian itzarrik egiten dut amets; zurekin nagoela, eta besarkada bero artean zure ezpain goxoak dastatzen ditudala. Edozein momentutan gertatzen zaizkit horrelakoak eta ezin izaten ditut ahaztu. Gaur adibidez, konturatuko zinen, historiako irakasleak esnatzeko agindu dit eta, egon zaitez ziur zu zinela nire pentsamenduen jabe eta ez azaltzen ari zen Frantziako iraultza aspergarria edo dena delakoa.
Seguruenik, zuk ez duzu oraindik nigan erreparatu ere egin edo agian beste norbaitentzako duzu zeure bihotza. Baina horrela ez bada, gogoz gustatuko litzaidake zu gehiago ezagutu ahal izatea. Bene-benetan zugatik gaixotzen hasia naiz, behar zaitut, zu zara eta neure sendagai perfektua.
Biziki maite zaituen Y

Laida

domingo, 15 de febrero de 2009

11O. Streeteko geltokia



-Egilea: Iñaki zabaleta Urkiolak idatzi zuen “110.Streeteko geltokia”.Iñaki 1953ko Otsailaren 9an jaio zen, Leitzan, Nafarroan.

Bere lanak:

• NARRAZIOA

o 110. Street-eko geltokia
1986,Susa
o Carolyn Meyer Dantzaria
1986, Arabako Foru Aldundia
• POESIA
o Bertsoaren ezpata
1979, Elkar
o Eskuaren fereka
1982, Hordago

-Gaia / argumentua: Joseba da protagonista, New Yorken bizi da ilegalki, Euskal Herrikoa da jaiotzez baina alde egin zuen bertan izandako istiluengatik. Manhattanen bizi da, Harlem hotelean. Kafetegi batean lan egiten du gosariak prestatzen eta nahiko ondo dohakio dena, baina bere nagusia mehatxuka asten zaio eta droga kontuen artean garraiolari bezala lanean hastera bultzatzen dio. Bitartean Josebak metro geltokiko publizitate kartel baten bidez Angie ezagutzen du eta pare bat aldiz geratzen dira, ondo konpontzen dira elkarrekin. Josebak bere garraioez nazkatuta pikutara bialtzen du bere nagusi eta lanpostua , horrela dena komponduko zelakoan. Zoritxarrez geltokian zegoela labainkada bat sartzen diote eta bertan hiltzen da.


-Iritzi kritikoa:
Bitxia da nola bi ezezagunen bizitzak topo egiten duten, hau da Josebak eta Angiek. Gainera New Yorkeko deskriapenak liburuan sartuarazten zaitu, beraz istorioa nahiko erreala egiten du eta sinestu egin daiteke. Ala ere ez zait istorioa askorik gustatu, ez zait oso sakona iruditu eta bukaera ez dut gustoko izan.Orokorrean liburu erraza da irakurtzeko, adin guztietarako interesgarria izan daiteke eta arin irakurtzen da. Ondo dago, baina ez zait bikaina iruditu.

domingo, 14 de diciembre de 2008

Dena nuen galdua


Orduan korrika hasi zen, tximista bezain arin. Ez nukeen harrapatuko nahi izan banu ere. Beraz ez nintzen saiatu ere egin, ez zuen merezi. Berriro ere lelo aurpegiaz geratu nintzen lagunak nire altxorrik preziatuenarekin nola ihes egiten zuen ikusiz. Nire onerako egiten zuen. Hiriko "yonkien" kalean nengoen, nire betiko txokoan. Bazterturik zegoen erdigunetik eta kanpotar, txiro, ijito eta ni bezalako jendea egoten zen bertan. Ez zen inoiz umerik ikusten.
Egunero ibiltzen nintzen handik xiringak lortu eta dena ahaztea lortzen nuen arte. Orduan lortzen nuen zoriona, edo nik zoriona deitzen nuen hori. Baina egun hartan ezinezkoa izan zen, beste batzuetan bezala Ander agertu zen. Ezer esan gabe hurbildu zitzaidan eta nire zorion-xiringak hartuta ihes egin zuen korrika. Ni burumakur etxera bueltatu nintzen. Amak zabaldu zidan, ezer esan gabe logelara joan eta lo seko geratu nintzen. Hurrengo eguna noiz heldu ote zen zain.
Amarekin bizi nintzen, aitak duela lau urte ama utzi eta emakume hegoamerikar batekin alde egin zuen Kalifornia aldera, eguzkiaren bila. Hasieran hilero hitz egiten genuen telefonoz baita gutunak bidali ere. Baina denboraz desagertzen joan ziren. Duela pare bat urte bidali nion azken gutuna, eta ez nuen erantzunik jaso. Ordutik aurrera ez dut gehiago jakin berataz. Ikasketak ere alde batera utzi nituen, konpainia txarrenekin elkartu nintzen eta hortik drogen munduan sartu nintzen. Ama gizajoak lanean lortzen zuen diru guztia gastatzen nuen, eta gure arteko harremana hoztuz joan zen. Eta berdin ere nire antzinako lagunekin, gero eta gutxiago ikusten nituen eta oso nekagarria nintzen. Ander zen nitaz ahaztu ez zen bakarra, baina nik ez nion eskertzen, alderantziz, niretzako bera zen kabroiena, bakean uzten ez zidalako, lagundu egin nahi zidan.
Egunak aurrera zihoazen eta ni gero eta txarrago nengoen, argal-argal eta azala xiringek uzten zidaten zuloez josita nuen. Baina berdin zitzaidan, zoriona lortzen nuen, nire moduan eta pare bat ordutarako soilik, baina zerbait zen eta momentuz bizitzeko nahikoa nuen.
Egun osoa kanpoan ematen nuen, eta askotan gauak ere, kale gorrian, eta ama jada ez zen nitaz arduratzen, eta ondo egiten zuen. Ni oso gaizki portatzen bainintzen berarekin, eta noski, beste guztiekin ere.
Behin etxera etorri zitzaidan Ander bisitan, amak pozik agurtu zion, ez zen denbora luzean etxera inor etorri. Nik aldiz, aurpegi txarrarekin begiratu nion. Haserre nengoen berarekin, sinestezina izan arren, horrela zen. Nirekin hitz egitera zetorren, baina nik ondo gogoratzen nituen berak egindako lapurretak, zoriona lapurtzen zidan. Eta berriro zetorren ni molestatzera, oraindik ez dut ulertzen nola zuen hainbeste pazientzia. Berriro pikutara bidali nuen. Oraingoan desintoxikazio zentru batera eraman nahi ninduen eta bere laguntza guztia eskaini zidan, horrela nire bizitzak berriro ere zentzua hartzeko asmoz. Nik pentsatu gabe txarto erantzun eta etxetik bultzadaka bota nuen ez berriro molestatzeko aginduz. Ama negarrez hasi zen eta ni berriz ere betikora bueltatu nintzen. Xiringa nire gorputz hezurtsu eta desitxuratuan sartzera eta dena ahaztera.
Hurrengo goizean ez nintzen etxean esnatu, ezta ere kalean. Arraroa egin zitzaidan. Pareta zuriz inguratutako gela batean nengoen, gortina batek banatzen ninduen beste ohe batetik eta usain berezia zegoen. Ospitalea zen. Zirudienez bart gauean pasatu egin nintzen dosiarekin eta hor nengoen, erdi hilik. Ez zen inor etorri bisitan, Ander azkenean nekatu egin zen eta ez zen harritzekoa.
Bakarrik sentitu nintzen, gogo gabe. Pentsatzeko denbora ugari izan nuen ospitalean geratzera behartu ninduten hiru egun luzeetan.
Ordura arte ez nintzen konturatu dena gaizki zebilela, ni alproja zikin bat nintzen, amak lanean lortzen zuen diru guztia nire osasuna kaltetzeko erabiltzen nuen, ez nuen ezer egokirik egiten. Ostatu batean bezala bizi nintzen etxean, baina ordaindu beharrean, alderantziz egiten nuen. Dena txarto irten zitzaidan. Eta bai, arrazoi zuen Anderrek, oraindik aldatu nezakeen, zentru batera joan eta iragana ahazteko esfortzua egin ahal nuen. Baina ez nuen gogorik, ezta borondaterik ere. Ez neukan bizitzeko gogorik, dena kakaztua nuen.
Beraz, molestatzeari uztea erabaki nuen bide errazenetik. Horrela denok egongo ginatekeen hobeto.
Ospitaletik irtendakoan amari zerbait idazteko beharra nuen, eskerrak eman behar nizkion nigatik egindako guztiagatik eta nigatik isilean sufritutako guztiagatik.
Anderri ere zerbait esan behar nion, bihotzetik eskertu nion arinago eman zizkidan laguntza guztiengatik eta nire alboan beti izateagatik. Sekulako pazientzia izan zuen. Azken agurra izan zen. Ez neukan mundu honetan zeregin gehiagorik. Nire bukaera zen.
Gau berean nire burua bota nuen.
Akabo, dena bukatu zen. Heroinak partida irabazi zidan.


Laida Pagaldai